2026ko Ager Vasconum sari banaketaren gala Garesen izan zen

Ager Vasconum literatura lehiaketaren IX. edizioaren sariak banatu ziren ekainaren 18an, Garesko zubi erromanikoaren azpian. Bertara Nafarroako hegoaldeko aurtengo idazle gazte saridunak joan ziren. Guzira 22 sari banatu ziren aurtengo edizioan, hain zuzen, 10 poesia eta 12 narrazio.

Rosa palo taldeko Ibai Aldaz abeslariak irekiera eman zion ekitaldiari “saiatzea” izeneko kantaren bidez. Segidan, Garesko alkateak, Itziar Imazek, hitza hartu zuen parte hartzaile guztiei ongi etorria emateko. Alkateak nabarmendu nahi izan zuen aurtengo edizioan 171 lan aurkeztu direla eta  Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko udal guztiei gonbidapena luzatu zien, datozen edizioetan parte har dezaten, bertako gazteei euskaraz lan eta bizitzeko aukera emanez. Ondoren, Jabi Arakama, Euskarabideko zuzendaria, gazteei zuzendu zitzaien erranez “idazten duzuen bakoitzean, mundua euskaraz pentsatzeko aukera sortzen duzue”. Horrez gain, bertan egoteagatik bere poza azaldu ondoren, Euskarabideak “euskaraz amets egiteko hau bezalako espazioak babesten jarraituko dituela” argiki utzi zuen. Politikarien txandari amaiera eman zion Ainhoa Azpilkuetak, euskara zinegotziak, erranez sarien gala “ekitaldi hutsa izateaz haratago, euskaraz bizi eta lan egiteko hizkuntza aldarrikapena” dela. 
Adriana Salvok sari banaketaren gala gidatu zuen, eta bere lehenengo hitzak antolatzaile guztiei eginiko lana eskertzekoak izan ziren, hain zuzen ere, Tafalla, Erriberri, Lizarra, Viana, Zizur Nagusia, Zangoza, Lodosa eta Garesko udalei eta Irantzuko Mankomunitateari emandakoak. Horrez gain, Euskarabidearen, Elkar fundazioaren, Altaffaylla fundazioaren eta Euskaltzaindiaren laguntzaren garrantzia azpimarratu zuen, eta orobat, hitz gozoak erabili zituen Castillo Suarez Garcia, Angel Erro Jimenez, Amaia Aldanondo Perkaz eta Urtzi Elorza epaileen lana deskribatzeko. Azkenik, institutuetako eta ikastoletako irakasle-bultzatzaile guztien lan isila goraipatu zuen: “haiek gabe hau guztia ezinezkoa izanen baitzen”.
Galak aitzina jarraitu zuen, eta Ibai Aldazek gazteei “hizkiak eta piztiak” Desgaraian taldearen kanta eskaini zien. Sari banaketaren amaieran, aurkezlea arratsaldeko protagonistei zuzendu zitzaien sortzen jarrai dezaten. Izan ere, batzuetan zailagoa dela sentitu arren, erronka horren atzean, mundu berrietarako ateak irekitzen dira. Finean, euskarak merezi du, eta euskarak anitz du esateko. Asko da, ere berean, gazteek esateko dutena, eta lehiaketak hori lortzen du, gazteen munduak ere euskaraz adieraztea. Bere diskurtsoa amaitu zuen aurtengo Korrikaren mezua goraipatuz: Euskara gara, eta hemen gaude. Hemen gara, eta euskaraz gaude. Aurrera goaz, bazatoz?
Gala Rosa Paloren “eztitzea” kantarekin burutu zuen Ibai Aldazek.

 

Parte hartzaileen geografia

 

Kategoriak, saridunak eta epaimahairen iruzkinak

 

POESIA DBH 1-2

Lizarra / DBH1-2 Gora-behera marea Duna Galilea Aramendia

Gora-behera marea Egileak itsasoa eta bizitza parez pare jartzen ditu. Itsasoari hainbat galdera sakon egiten dizkio, eta, aldi berean, beste galdera batzuen erantzunak topatzen ditu. Testu iradokitzailea eta misteriotsua da.

Erriberri / DBH1-2 Zikona Garazi Sota Pernaut

Zikona Bizitza aurrera doala oroitarazten digu zikoinak beroarekin batera gurera azaltzen denean. Hegazti nekaezina den aldetik, arduraz eta gogoz bizi behar dugula gogorarazten digu. Gogoetarako poesia sakona.

Lizarra / DBH1-2 Nire ahizpa Irati Ugarte

Nire ahizpa Ahizpari egindako poema ederra. Haien arteko harremana, bizitzako harreman gehienak bezala, gorabeheraz beteta dagoelako, baina betiere maitasunaz. Hizkera jolasti darabil egileak.

POESIA DBH 3-4

Lizarra / DBH 3-4 Higadura Amaiur Elbusto

Higadura Higatutako itsasontzi bati buruzko poema da azalena, baina badu bigarren adiera bat: gu guztiongan denborak uzten duen marka, askotan oharkabean pasatzen zaiguna, eta bakardaderantz eramaten gaituena erremediorik gabe.

Erriberri / DBH 3-4 Sagarra Eunate Paternain Sanz

Sagarra Askotarako ematen du olerki honen sagarrak. Sagarraren gorria, esaterako, zauririk gabeko odola da poetaren irudiko, baina baita herdoiltzen hasiaren drama. Irudiak txirikordatzen doaz modu harrigarrian. Eta irudiek dirudien baino gehiago esaten dute. Irakurleak hori susmatzen du. Biziaren galkortasunaz, denboraren joanaz, norberaren hauskortasunaz ari zaigula, alegia.

Erriberri / DBH 3-4 Palestinako haurra Laia Urriza Jimeno

Palestinako haurra Poema honetan egileak deskribatzen duen eszenara irakurlea eramateko gai da; gelditasunetik edo sufrimendu isiletik iskanbilara eta etsipenera pasarazita. Bonba bat lehertu da, eta modu honetara jakinarazten zaigu: “Zerbaitek gorputza kolpatzen dit, / hautsa da, aire bolada bero batean”. Deskribatzailea da, baina poetikotasunaren ezaugarriak ahaztu gabe: erritmoa edo errima, esaterako. Denak bat egiten du zirrara sorrarazteko.

POESIA 17-20 urte

Erriberri / 17-20 urte Zure hutsuneari begira Nahiara Urkiaga Bini

Zure hutsuneari begira Sentimenduetan barrena sakon egiten duen poema bat da hau. Zer sentitu maite dugun pertsona joan zaigunetik? Bestearen hutsunea ez sentitzeak inor maite ez duzula esan nahi du? Ezetz uste du olerki honen egileak. Bihotza uste baino konplikatuagoa da. Eta poema hau sotilezia horiek guztiak jasotzeko gai da, eta hau bezalako irudiak oparitzeko ere: “Lainoak estaltzen du / hitz eskasez beteriko galtzada”.

Erriberri / 17-20 urte Lurpetik loratu Nahia Larrasoaña Gortari

Lurpetik loratu Asmamen handiko irudiez betetako poema. 1967tik aurrera Palestinako bandera debekatu zutenetik (“Hirurogeita zazpian / itzali nahi izan zuten argia, / bandera debekatuz, / lurra estaliz egia”) bertakoen eskubideak, existitu nahiak, aurkitu ditu bestelako adierazpideak (“sormenak ez du mugarik”) eta horretan jarraitzen dute. Lurperatutakoa loratu daiteke, dio poemak, itxaropenaz, kolorez, metaforez jantzita.

POESIA 21-30 urte

Lizarra / 21-30 urte Eten bati laudorioak Maite Areitioaurtena Aznarez

Eten bati laudorioak Poema honetan egileak arreta une iragankorren edertasunean jartzen du, sormenaren eta hausnarketaren  balioa aldarrikatzen du. Bizitzaren erritmo bizkorraren aurrean gelditzeko gonbita egiten digu, soseguz begiratzera, sentitzera eta benetan bizitzera. Poemaren forma zaindu du egileak, zorionak!

NARRAZIOA DBH 1-2

Zizur-Izarbeibar / DBH 1-2 Atzera begiratu ezinik Mikel Senosiain Argiñano

Atzera begiratu ezinik Egileak abentura, umorea eta irudimena uztartzen ditu erritmo bizian, eta pertsonaia nagusiaren ahotsak naturaltasuna eta gertutasuna ematen dizkio istorioari. Irakurlea harrapatzen du, suspense handiko hasiera bati esker eta aipagarria da kontakizunaren egitura zirkularra: hasierako arrisku-egoeratik abiatu, atzera egin eta amaieran misterioa argitzea lortzen du modu erakargarrian.

Erriberri / DBH 1-2 Lur azpiko bizitza Tariq Alvarez Moreno

Lur azpiko bizitza Narrazio honek errealitate gogor bati begiratzeko gonbita egiten digu, urruneko egoera bat hurbil eta ulergarri bihurtuz. Egileak enpatiaz eta sentiberatasunez eraikitzen du Manburen istorioa, haren eguneroko zailtasunak ez ezik, etorkizun hobe baten aldeko ametsak ere erakutsiz. Bereziki nabarmena da kontakizunak hausnarketarako duen gaitasuna, irakurlea munduko desberdintasunen inguruan pentsatzera bultzatzen baitu.

Erriberri / DBH 1-2 Amona Eulaliaren denbora Garazi Sota Pernaut

Amona Eulalia Istorio honek amona baten eta bilobaren arteko harreman berezia samurtasunez eta sentiberatasunez islatzen du. Egileak eguneroko une xumeak baliatzen ditu bizitzari, denborari eta oroimenari buruzko hausnarketa sakonak egiteko, irakurlea hunkitzeraino. Bereziki aipagarria da Amona Eulaliaren pertsonaiaren eraikuntza: maitagarria, jakintsua eta ahaztezina bihurtzen da kontakizunean zehar.

NARRAZIOA DBH 3-4

Lizarra / DBH 3-4 Gazta-tarta zaporeko kafesnea Unax Morentin

Gazta-tarta zaporeko kafesnea Lehen pertsonan egindako narrazio honetan Antton izeneko gizon heldua ezagutzen dugu, bere errutinaz nazkatuta dagoena, bere hildako emaztea faltan botatzen duelarik. Istorio labur honen estruktura benetan bikaina da.

Zangoza / DBH 3-4 Sua mendian Irati Oses Cuesta

Sua mendian Honetan Amaiur Elizalde, hamazazpi urteko neska gaztea, da protagonista. Gure mitologian hainbeste garrantzia duen sorginek dute hemen presentzia, baina ez hasiera batean espero dezakegun bezala. Hortaz, irakurlea harritu dezakeen narrazioa da hau.

Erriberri / DBH 3-4 In memoriam Irati Berrotaran Velaz

In memoriam Familia baten istorioa kontatzen digu, non Erriberri berak ere presentzia nabaria duen. Izenburuak gaiaren inguruko pista ematen digu eta gure herriaren historiako garai ilun bat du testuinguru bezala. Narrazio heldua eta hunkigarria.

NARRAZIOA 17-20 urte

Erriberri / 17-20 urte Ez ezazu inoiz samurtasuna bazterrean utzi Aitziber Iparrea Maya

Ez ezazu inoiz samurtasuna bazterrean utzi Primeran idatzia. Idazle gazte honek maisutasun handiz jolasten du hitzekin, hizkuntza beraren inguruan modu metalinguistiko batean ere arituz. Prosa poetikoa deritzoguna erabiliz, testua bizia eta, batez ere, ederra da.

Erriberri / 17-20 urte Zuen begiradak eraikitako ispilua naiz Nahia Larrasoaña Gortari

Zuen begiradak eraikitako ispilu naiz Irakurlearen espektatibekin jolasten du. Metaforak eta beste hainbat errekurtso literario erabiliz, hasiera batean apropos zail jartzen digu pertsonaia nagusia nor den ulertzea, bukaeran mezu potente eta eder bat uzteko.

NARRAZIOA 21-30 urte

Lizarra / 21-30 urte Munduaren beste aldean Onintze Arrastia Mauleon

Munduaren beste aldean Testu ederra, heldutasun psikologiko handia adierazten duena, militante politiko gazte baten bizitza islatuz. “Zertan datza zoriontasuna?” galdera euskarri izanda, gazte baten kezka eta barne-hausnarketak aurkezten dira, prosa arin eta txukun bat erabiliz. Inoiz amaitzea nahi ez duzun testu horietako bat da. Benetan bikaina.

MERINDADE SARIA

Erriberri / Narrazioa DBH 3-4 Oihukatzen duen isiltasuna Zhara Aldasoro Larrañaga

Oihukatzen duen isiltasuna “Dena hasi zen gaizki bukatzen diren istorio guztiak bezala, kontu txiki batekin, garrantzi handirik ematen ez diozunarekin.” Horixe da narrazio honen esaldi nagusia. Izan ere, erabaki txar batek beti garamatza okerragoa den toki batera: damua. Eta damuarekin ezin da inor bizi.

Zizur-Izarbeibar- Mañeruibar / Narrazioa 17-20 Denboraren bihotza Naire Jorqui Diaz

Denboraren bihotza Narrazio honetan egileak erritmo bizian eramaten gaitu hiriaren egunerokotasunetik oihan misteriotsu batera, bertan, denboraren mugak lausotzen dira eta oroimenek, sustraiek eta familia-loturek protagonismo berezia hartzen duten. Atmosfera magikoa sortzen da; istorio honek gogorarazten digu benetako abenturak ez direla beti urrutiko lekuetan aurkitzen; batzuetan, geure sustraietara eta maite ditugun pertsonengana itzultzean aurkitzen dugu bilatzen ari garena.

Zangoza / Narrazioa DBH 3-4 Maitane Baigorri Mendioroz

Afrikaraino Narrazio honek abentura eta adiskidetasuna uztartzen ditu. Egileak modu erakargarrian kontatzen du bidaia fisiko bat, baina baita pertsonaien arteko konfiantzaren eta elkartasunaren bidaia ere. Bereziki azpimarratzekoa da istorioak transmititzen duen gizatasuna: laguntasunaren balioa, familiaren garrantzia eta itxaropenari eusteko gaitasuna.

Lizarra / Poesia DBH 3-4 Zuhaitz bati begira Lide Barcenilla

Zuhaitz bati begira Urtaroaren zikloari buelta ematen dio poema honek, zuhaitz bat lekuko hartuta, lerro gutxitan modu zehatzean deskribatuta. Aldakortasun horrek ez du egonkortasuna ukatzen (“sustraiak sendo dauzka lurrean” esanez hasten da, eta “urtaroz urtaro, desberdina den arren, zuhaitz bera jarraitzen du izaten” esanez amaitzen da). Erdiko guztia, berriz, dena da aldaketa, transformazioa.

 

 

 

Berria partekatu