Ekainaren 19an, ostegunean, Nafarroako hegoaldeko idazle gazteen VIII. edizioaren Ager Vasconum sariak banatu dira Garesen, zubi erromaniko azpian dagoen zoko gozoan. Guzira 20 sari izan dira aurtengo edizioan, 13 eta 30 urte bitarteko gazteendako, hain zuzen, 9 poesia arloan eta 11 narrazioan.
Tradizio jazz-fusio kanta baten bidez ekitaldiari irekiera eman zion Ion Celestino tronpeta joleak, jendez beterik zegoen Garesko zubipeko zoko ederrean. Musika aditu ondoren, Garesko alkateak, Itziar Imazek, eta euskara zinegotziak, Ainhoa Azpilkuetak, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko udalei gonbidapena luzatu zieten Ager Vasconum datozen edizioetan parte hartzeko, gazteei euskaraz ere sortu eta bizitzeko aukera emanez. Ondoren, Euskarabideko zuzendariak, Jabi Arakamak, azpimarratu zuen “Ager Vasconum lehiaketa ederra dela gazteak erdigunean jartzen dituelako, eta aukera eskaintzen dielako hizkuntzaren kontzientziaz hartzeko eta erabilera aktiboa izateko”.
Jarraian, Naiara Azpilkuetak eta Irati Muñozek hartu zuten sarien gala aurkezteko ardura, eta eskertzeko hitzak izan zituzten lehiaketaren antolatzaile eta sustatzaile guztiendako. Horrela, Nafarroako hegoaldean lehiaketa egiteagatik Tafalla, Erriberri, Lizarra, Viana, Zizur Nagusia, Zangoza, Lodosa, Garesko udalei eta Irantzuko Mankomunitateari zorionak eman zizkieten, euren teknikariak horrelako proiektu batean lanean jarduteagatik.
Horrez gain, Euskarabideak ematen duen sustapen ekonomikoa eskertu zuten, eta Elkar fundazioaren, Altaffaylla fundazioaren eta Euskaltzaindiaren ezinbesteko laguntza azpimarratu zuten. Era berean, hitz gozoak izan zituzten Castillo Suarez Garcia, Angel Erro Jimenez, Amaia Aldanondo Perkaz eta Urtzi Elorza epaileendako, euskarazko literatura bultzatzeko borondatezko lana egiteagatik. Azkenean, institutuetako eta ikastoletako irakasle guztien lan isila eskertu zuten, “haiek gabe hau guztia egitea ezinezkoa izanen baitzen”.
Sari banaketa egin ondoren, arratsaldeko protagonistei zuzendu zitzaizkien aurkezleak, alegia, gazte saridunei, esanez “mundu globalizatu batean hizkuntza txikia erabiltzea ez dela soilik gure buru komunitarioa babestea, baizik eta hizkuntza aniztasunari, kultura aniztasunari eta pentsamendu aniztasunari ekarpena egitea. Ekitaldiari amaiera eman zioten gazteei animoak emanez euskaraz idazten jarrai dezaten, libre eta konplexurik gabe, haiek ere baitira etorriko direnen eredua.
Saridunak
Aurtengo protagonistak Erriberritik, Lizarratik, Zizur-Izarbeibartik eta Zangozatik etorri ziren. Hona hemen idazle saridunen izenak, ikas-mailak eta lanen izenburuak:
POESIA SARIAK
Erriberri / DBH 1-2 Hamsterra Eunate Paternain Sanz
Umorez zipriztindutako poema bat da, hamster bat protagonista duena. Hamsterrak gelditu gabe bizi dira eta gu ere maiz ez dugu atsedenik hartzen.
Erriberri / DBH 1-2 Hobe isilik! Garazi Sota Pernaut
Norberaren barruko ahotsak zaila dira isilarazten. Hobe da haiei buruzko poema barregarri bat idaztea, gurekin batera barre egin dezaten.
Lizarra / DBH 1-2 Itsasoaren kantua Arai Goñi
Itsasoaren kantua entzunez dantza egin dezakegu olatuekin batera; edo atseden hartu, behar badugu, isil dagoenean. Itsasoari buruzko poema sakon zein iradokitzailea.
Erriberri / DBH 3-4 Gugatik Irati Berrotaran Velaz
Errepikapenez, anaforaz eta tentsioaz ongi kudeatzen duen poesia engaiatu honetan poetak emakumeek pairatzen dituzten bidegabekeriak salatu eta haiei buelta emateko gogoa azaltzen du suharrez.
Erriberri / DBH 3-4 Zerura begira Ainara Alfaro Ruiz
Aitonaren heriotza gai nagusia duen lan sentibera honetan egileak olerki xume eta hunkigarria sortu nahi izan du, horretarako baliabide foniko sotilak eta erritmoaren erabilera ere baliatuta
Erriberri / DBH 3-4 Nire akatsak Unai Ayucar Montero
Barne pentsamenduaren zirimolan abiatzen da olerki hau, munduan egindako hutsek ekar dezaketen soka luzea eta mingarria hizpidera ekarriz. Olerkiak egiten duen elipsiaren erabilera nabarmentzekoa da.
Lizarra / 21-30 urte Giza baldintza Maite Areitioaurtena Aznarez
Errimaz lagunduta aurrera egiten duen poema honetan hainbat dira jorratzen diren gaiak. Kezka nolabait geografikoetatik gizarte honetan ezinegona sortzen duten bestelako bidegabekerietara.
NARRAZIOA SARIAK
Lizarra / DBH 1-2 Errusiar mendia Artai García de Eulate
12 urteko gaztetxo baten istorioa kontatzen du, Errusiar mendi batean igotzeko komeriak dituena eta hori lortzeko protagonistak hainbat trikimailu erabiltzen ditu.
Lizarra / DBH 1-2 Juanitaren abentura Hugo Ruiz
Juanita, 12 urteko gaztetxoa, mundua esploratzea eta leku berriak ezagutzea gustatzen zaio. Mapa misteriotsu baten agerpenarekin istorioa kontatzen digu
Lizarra / DBH 1-2 Gurasoen banatzea Amale Apesteguia Bakaikoa
Hiba eta Maren bikiak dira protagonistak eta banaketa gogor baten istorioa kontatzen du. Elkarrekin jarraitzeko borroka ederki islatzen du.
Erriberri / DBH 3-4 Isiltasunaren hizkuntza Maia Campos Marco
Ama galdu duen gaztearen istorioa dugu, modu ederrean azaltzen digu bere ezinegona. Bizitzan ditugun sentsazioei buruz dihardu, ondoan lagun bat gu laguntzen egotea zein garrantzitsua den azpimarratuko digu.
Erriberri / DBH 3-4 Kamera noiznahi atera dezaket Aitziber Iparrea Maya
Kamera noiznahi atera dezaket eta ez luke ezertarako balioko. Horrela hasten da kontakizuna, eta bizitzan ditugun gauzak zein suntsikorrak diren azaltzen digu, nola dena di-da batean gal dezakegun.
Lizarra / DBH3-4 Amaieraren hasiera Ainara Wendler
Eguneroko baten egitura duen istorioa dugu. Gazteen kezkak deskribatzen ditu istorioak: amaren lana, maitasuna, loa kentzen dizkieten gaiak, sare-sozialak…eta baita ziriak eta gezurrak ere.
Lizarra / 17-20 urte Bizirauten ikasi Onintze Arrastia
Prosa eder eta kutsu existentzialista batekin gaur egungo hainbat gizarte arazo lantzen ditu: etxegabetzea, herrien bonbardaketak, osasun publikoaren egoera… Fabrika langile bat eta alienatutako familia baten “neskame” bat protagonista dituelarik. Testu benetan zoragarria.
Zizur-Izarbeibar / 17-20 urte Idazlana Urko Lopez Garralda
Hegazkin istripu baten deskripzio gogor batekin hasten da, oso ondo idatzia, ondoren pertsonaia nagusia egoera hartara nola iritsi zen azaltzeko, flash-back bat erabiliz. Ezusteko amaiera batekin, irakurlea harritzea lortzen du.
Zangoza / 21-30 urte Gure bizitzen kontaketa Amaia Bihotz Zugarramurdi Menta
Eguneroko baten itxurarekin hiru garai desberdin batzen ditu: Gerra Zibila, erregimen frankista eta oraina. Era batean, amona eta biloba baten elkarrizketa asinkrona bat delarik.
MERINDADEETAKO SARIAK
Lizarra/ Poesia DBH1-2 Pirata Duna Galilea
Erritmoz eta errimaz betetako poema bat da, pirata bat deskribatzen diguna, txalupa batean dituena iragana, oraina eta etorkizuna.
Zangoza / Poesia 21-30 urte Dana Amaia Bihotz Zugarramurdi Menta
Uholdea bezalako poema, jario handikoa, arnas luzekoa, non sufrimenduak eta itxaropenak, norberaren gaineko zalantzak eta nortasunaren berrespenak, bat egiten duten, azkenean ondorio baikor eta eraikitzaile batera iritsita.
Erriberri / Narrazioa 17-20 urte Oroimena bizirik Xabier Etxeberria Lopetegui
Hiru mediku pertsonaia nagusi bezala dituen istorio honetan haietako baten familia arazo batek garrantzi osoa bereganatuko du. Lan mota horrek dakarren alde txarra primeran islatzen du.
Zizur-Izarbeibar / Narrazioa DBH 3-4 Segundoen ametsa Oneca Iturgaiz Ciriza
Testu laburra, bizia, abilezia handiz 23 urteko emakume baten Roland Garroseko tenis finala deskribatzen digu, baita partida horren ondorengoko egun gogorrak ere.
Zenbakiak
Zortzi edizio hauetan 1187 idazlan, 610 narratiban eta 474 poesian, jaso dira, guztiak Nafarroako hegoaldean idatziak. Agerikoa da urtez urte literatura lehiaketaren zainak gero eta zabalagoak eta sakonagoak direla Ager Vasconum eremuan, euskaraz sortu, pentsatu eta sentitzeko gai diren belaunaldi berriak euskaraz bizitzeko lagunduz.











