Ager Vasconum VIII. Literatur Lehiaketaren aurkezpena

Ager Vasconum VIII. literatur lehiaketa
Ager Vasconum udal antolatzaile eta entitate laguntzaileak

Ager Vasconum Literatur Lehiaketaren VIII. edizioa izango da aurten. Aurreko urteetan bezala, 12-30 urte bitarteko gazteei bideratua dago, Nafarroako Erdialdeko eta Hegoaldeko D ereduko ikasleentzat. Lehiaketa honek honako helburuak sustatu nahi ditu:

• Euskaraz idazteko zaletasuna
• Literatur sorkuntza.
• Tokiko ekimenak.
• Eskualdeko gazte literaturzale euskaldunak elkar ezagutzea

Gaurko aurkezpenean Tafalla, Gares, Lizarra eta Erriberriko udaletako ordezkariak izan dira, udal parte hartzaileetako euskara teknikariak eta baita Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea ere. Bertan, edizio honetako kartela eta eskuorriarekin batera, oinarriak eman dituzte ezagutzera. Baina, batez ere, Erdialdeko eta Hegoaldeko gazteak eta D ereduko ikasleak animatu nahi izan dituzte Agerrean parte hartzera.

Halaber, arras eskertzekoa da, bereziki, irakasleen ahalegina tinkoa eta jarraitua, haien ekimenik gabe Ager ez litzateke berdina. Gainera, laguntzaileen lana ere ezinbestekoa da, Altaffaylla Fundazioa (2014-2024 urte bitarteko lan saridunei egindako zuzenketa-lana), Elkar Argitaletxea (disko eta liburu sorta emanez oparitzeko) eta Javier Etayo Tasioren irudia, luma handi bat, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko tintaz elikatzen dena.

Lehiaketaren epeak:

Lanak aurkezteko epea: apirilak 29.
● Epaimahaiaren erabakia: ekainaren 12an, Udalen eta Ager Vasconum web orriaren bidez.
● Sari banaketa ekitaldia: ekainaren 19an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Garesko zubipean (eguraldi txarra eginez gero, Vinculo etxean).

Bestalde, nabarmendu beharra dago otsailean lehiaketaren idazlan saridunen argitalpena karrikaratu zuela Altaffayllak. Argitalpen historikoa, liburuak Nafarroako Erdialdeko eta hegoaldeko euskarazko ehun idazlan biltzen baititu, uzta oparoa, dudarik gabe: “Ager eremuan bizi garenok euskararen aldeko ekimenak bultzatuz, euskararen herrikoak garela aldarrikatu nahi dugu, eta, gainera, ez geratu eremu sinboliko hutsean, euskara praktikara eraman nahi dugu. Maiatzean datorren Euskaraldian bezala, gazteen konpromisoa bilatzen du sariak, euskara praktikara eramateko konpromisoa: irakurri, idatzi, hitz egin, gozatu euskaraz“.

Sariak aurten badu berritasun garrantzitsu bat: Ager Vasconum webgunea. Bazen garaia mundu digitalean ere presentzia izateko, azken finean, lehiaketaren publikoa gazte-gaztea baita. Webgunean oinarriak denon eskura daude, bai eta lanak entregatzeko modua ere; lehiaketaren antolatzaileak eta laguntzaileak zeintzuk diren, sariaren urteoko ibilbidearen hemeroteka, baita saritutako lanen bilduma-liburua erosteko aukera ere.

Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

● Urtzi Elorza Nafarroan bizi den Barakaldoko idazlea.
● Amaia Aldanondo Perkaz (Zangoza), euskara irakasle eta edizio batean irabazle.
● Angel Erro Jimenez Iruñeko idazlea.
● Castillo Suarez Garcia, Sakanako idazlea eta Euskaltzaina.

Amaitzeko zenbait datu adierazgarri, jarraian urtez urte entregatu diren lanak eta antolatzaileak:

2014 – 33 lan (Antolatzaile: Tafalla bakarrik)
2015 – 37 lan (Tafalla bakarrik)
2017 – 146 lan (Tafallari, Erriberri, Zangoza, Lizarra eta Lodosa batu zitzaizkion)
2018 – 154 lan (Irantzu Mankomunitatea batu zen)
2019 – 144 lan
2020 – 0 lan (Pandemia)
2021 – 106 lan
2022 – 125 lan
2023 – 192 lan (Garesko Udala batu zen)
2024 – 128 lan (Viana eta Zizur Nagusia batu ziren)

Guztira, beraz, 1063 idazlan, 598 narratiban eta 464 poesian.Argi dago, beraz, euskaraz idazteko grina eta gaitasuna dagoela Nafarroako hegoaldean, baita euskaraz hamaika istorio kontatu beharra ere. Izan ere, lehiaketa urtetik urtera gero eta leku gehiagotara iritsi da.

Prentsaurrekoa:

Berria partekatu